Aitor Zubieta Albarrazin

martes, 25 de mayo de 2010
Jarraian dagoen elkarrizketa, Aitor final irabazi ondoren Beleixe iratikoei emandakoa da eta esan behar dugu guaixe.net-etik hartu dugula. Benetan merezi duela uste dugu. Esan behar dugu, zaila badirudi ere, elkarrizketa honen ondoren Aitor oraindik eta gehigo miresten dugula!!!!


Aurkezpenik behar ez duen pilotaria dugu Aitor Zubieta

etxarriarra. Sinesgaitza egiten zaio Aitor Zubietari herriak

egin zion harrera baina, merezi duenaren seinale. ZORIONAK!!

Ia bi aste pasa dira eta zer moduz garaipenetik egun batzuetara?
Egia esan nahiko erokeria izan da dena eta ez dut lasaitzeko astirik izan. Uste nuen orain lasai-lasai entrenatzen hasiko nintzela baina ez da hala izan. Egunero alde batetik bestera nabil. Hala ere, hori ongi hartzen den gauza da, seinale zerbait ongi egin dugula eta alde horretatik oso kontentu nago.

Nola daramazu komunikabidez komunikabide ibiltzearena?
Ongi daramat. Sekula kostatu ez zaidan gauza izan da; baina beste aldetik askotan saio pare bat dauzkat egunean eta modu horretan ez dut oraindik bizi erritmo normala hartu. Baina tira! Horrela egunero izango balitz! Horrela asteburu astebururo izango balitz, e?

Nola ikusi zenuen zure burua partiduan orokorrean?
Oso ongi. Finalekoa izan zen lasaien joan nintzen partida. Aste osoa oso lasai pasa nuen eta partida egunean ez neukan inongo urduritasunik. Seguru nengoen partida ona egin behar nuela. Eskuetan arazoren bat banuen ere konfiantza osoa nuen neure buruarengan momentu onean nengoelako.


Aurrekoan aitortu zenigun jendearen presioa gustuko zenuela. A ze jarraitzaile koadrila, ez?
Ezin naiz kexatu. Sinesgaitza da jendea nola portatu den ikustea. Txapelak ikaragarrizko ilusioa egiten du baina gehien bete nauena jendeak frontoian eta herrian egin zidan harrera izan da. Nik uste dut horrelako gauza bat errepikatzea ezinezkoa izango dela, eta ez dut sekulan ahaztuko.


Ahaztuko ez zaizun beste kontu bat: azkeneko tantoa. Historia egingo du ez?
Larri une handia izan zen niretzat. Azkeneko tantoetan karranpa batzuk sumatu nituen eta sufritzen ari nintzen. Azkeneko tantoan Laskurainek gora bota zuenean medikuari keinu bat egin nion eta barrura joan nintzen berehala. Jendeak esan dit 10 minutu izan zirela, baina niri ez zitzaidan hainbeste iruditu. Bola bentosekin jaitsi zidaten eta niretzako min handiko minutu bat izan zen.

Azkeneko tantoa lortu eta txapela burura. Egia esan, txapela janzteko modua nahiko “xelebrea”....
Nik ez nuen jarri; niri jarri zidaten. Xalak berehala jarri zuen baina buru txikia duenez errazago sartu zitzaion edo... kar, kar..

Non daukazu txapela orain?
Egun berean txapela afarian eskuz esku ibili zen. Nire ustez, jendeak merezi zuen eta argazkiak ateratzen eta egon ziren. Azkenean amaren eskuetara iritsi zen eta kito!! Berak gorde zuen. Eta etxera eraman zuen badaezpada. Uste dut zerbait berezia egin nahi duela amak txapelarekin, koadroren batean jarri edo…

Gertukoek zer esaten dizute? Nola hartu dute?
Oso kontentu daude denak, etxekoak eta lagunak. Badakite hona iristea ze lana den, badakite ez dela kasualitatea eta nolako momentuak pasatu izan ditudan. Azken finean, pilotaria bat da baina ingurukoek babesten dutelako.

Nori eskaini zenion txapela?
Jarraitzen nauten guztiei eta familiari, lagun guztiei...
baina bereziki momentu hartan nirekin ez zeudenekin gogoratu nintzen. Burura etorri zitzaizkidan lehenengo hiru pertsonak nire bi aitonak eta Adur Marinelarena laguna izan ziren. Hirurak nire jarraitzaile sutsuak ziren eta nire garaipena ezin izan genuen elkarrekin ospatu. Gehien hunkitu ninduena hori izan zen, haiekin akordatzea.

Espero zenuen horrelako erantzuna? Afaria, harrera beroa, pankartak, manifak... Etxarri piztu egiten da halakoetan.
Etxarri horrelakoa da. Eneko Lazkozekin badakit jende asko joan zela Bertso finalera. Nik partidua neukan egun horretan baina badakit jendea oso ongi portatu zela. Nirekin gertatu dena ikaragarria izan da ere, sinestezina! Kazetari guztiak harrituta zeuden. Frontoiko giroa sekulakoa izan zen Sakanak kantxan eta harmailetan irabazi zuela esaten zuen jendeak. Etxarrira iritsi eta etxean egon behar izan nintzen amonarekin ezin atera, lagunek uzten ez zidatelako. Ordua iritsi zenean eta frontoira iritsi nintzenean, 50 metroko traka piztu behar izan nuen, frontoia bete betea zegoen, soinean hartuta sartu ninduten lagunek frontoira, tabernak lepo eta sekulako giroa… Esan bezala, sinesgaitza!

Eta pilotaren alde txarren artean lesioak. Banakakoan aritzekoa zinen baina azkenean ezin!
Bai, gaur Bigarren mailako Buruz Burukoan aritzekoa nintzen Aritz Lasaren kontra baina ezingo naiz aritu. Eskuin eskutik nahiko justu ibili naiz Binakakoan, baina tako asko jarrita agoantatu nuen. Finala eskua guztiz minduta bukatu nuen eta astelehenean entrenatzen nengoela eskuko kailua zabalik nuela konturatu nintzen. Denbora asko daramat arazo honekin arrastaka, eta geratzeko eta eskua osatzeko denbora iritsi dela erabaki dugu. Pena asko ematen dit fisikoki ongi ikusten dudalako nire burua eta kolpe eta momentu onean nagoelako, baina horrela ezin da atera txapelketa batera. Astelehenean Logroñoko Pedro Garcia medikuak kailua ireki eta dena garbituko didate, gero kailua itxi eta eskua bere onera etortzeko. Hilabete bat eman beharko dut osatzeko. Asmoa maiatza bukaerarako ongi egotea da, udako torneo guztietan topera egoteko.

0 comentarios:

Publicar un comentario